Urtero bezala, bihar Elosun ganadu azoka izango da, Elur Txiki elkarteak antolatuta, eta Azkoitiko zein Bergarako udalek lagunduta. Hori dela eta, Azkoitiko Udalak Elosura joateko autobus zerbitzua jartzea erabaki du. Beraz, 09:00etatik 20:00ak arte etengabe Elosura joan eta etorrian ibiliko dira autobusak. Eroski txiki aurrean —Julio Urkixo kalea— eta gasolindegi inguruko geltokian —San Martin kalea— egingo dituzte geldialdiak.
Goizetik arratsaldera arteko egitaraua izango dute bertaratzen direnek. 09:00etan hasiko da azoka, 12:30ean bertsolariak izango dira, 13:00etan sariak banatuko dituzte, eta jarraian bertsolarien eta trikitilarien txanda izango da. 17:30ean Bentaosteren idia eta Iturralderen behorrarekin apustua jokatuko dute. Epelde eta Lutxurdio trikitilariak giroa alaituko dute egun osoan.