Azkoitiko EAJk pasa den irailaren 20an Udal ordezkariek eta herriko baserritarrek egin zuten bileran esan zirenekin “harridura eta sorpresa hartu” zutela jakinarazi dute. Bi puntutan zentratu dira hori esaterako orduan. Batetik, “azken urteotan egoniko utzikeria salatu zuten, eta bestalde, udaletxean dirurik ez dagoela eta beraz dagoenarekin gauza handirik egiterik ez dutela komentatu omen zuten” esan dute. Horren aurrean, 2007-2011 legealdian, baserri eta auzoetarako aurrekontua 1.539.902,06 eurokoa izan zela ekarri dute gogora, eta hortik 1.333.413,28€ baimenduak izan zirela. Besteak beste, ondorengo lanak burutzeko erabili direla, besteak beste, esan dute:
1. Baserri eta auzoetako bideak konpondu edo eta berriak egiten 845.295,34 euro gastatu dira. ( Martirietako bideak, Kukuherri, Aitza, Amezti, …)
2. Baserri eta auzoetako bideen garbiketak egiteko 286.090,32 euro erabili ziren
3. Landa eremuko baserri eta auzoen garapenerako lan egiten duen Urkome ri 103.844,4 euroko dirulaguntzak eman zitzaizkion.
4. Baserrietara iritsi ahal izateko seinale eta baserrien buzoiak jartzen 12.151,4 euro gastatu ziren
5. Martirietako aparkalekua egin da.
6. Elurra kendu ahal izateko makina erosi zen —hiru ditu udalak —.
7. Berpiztu programak martxan jarri ziren Elosu eta Madarixa auzoetan, eta Urrategin hasi ahal izateko eskaera bideratuta ere utzi zela uste dute.
Datu horiek kontuan hartuta, lau rrteotan ezer egin gabe ez direla egon uste dutela ere gaineratu dute.