‘Pegote’-k Aste Santuko irudiekin liburu bat osatu du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko ira. 20a, 12:15

Azkoitiko Aste Santuak nolakoak izaten diren erakusteko liburua argitaratu berri du Jon Andoni Martin Pegote-k. Aurtengo Aste Santuko egun batean argazkiak ateratzen ibili zen argazkilaria, eta liburu batean bildu ditu. 130 irudi inguruk osatzen dute l...

Azkoitiko Aste Santuak nolakoak izaten diren erakusteko liburua argitaratu berri du Jon Andoni Martin Pegote-k. Aurtengo Aste Santuko egun batean argazkiak ateratzen ibili zen argazkilaria, eta liburu batean bildu ditu. 130 irudi inguruk osatzen dute lana, eta egilea «gustura» agertu da; besteak beste, argazkiak ateratzen ibili zen egunean eguraldi ona izan zelako, eta ekimen guztiak burutu zirelako.
Proiektua ez du sortu dirua lortzeko; argi du hori egileak. «Nire kapritxoa izan da. Argazkiak ateratzea gustatzen zait, eta hori egin dut». Jakin badaki liburu garestia dela. «Izan ere, ez dut argitaletxe baten babesa izan». Gainera, ez dituzte ale asko plazaratu. Iratzar liburu dendan dago ikusgai liburua. Eskuratu nahi duenak, bertan egin beharko du eskaera, baina bestela ere, nahi duenak sarean du eskuragarri; jonandonimartin.es atarian ikusgai dauzka bere argazki guztiak.
Lehenagotik ere aterata dauzka Azkoitiko festen inguruko argazki liburuak Pegote-k. Iazko sanandresak erakusten dituena izan zuen azken aurreko lana; 2009an Azkoitiaren ingurukoa argitaratu zuen, eta 2008an, berriz, andramaixetan ateratako argazkien bilduma.
Testu gutxiko liburua
Juan Bautista Mendizabalekin batera idatzi ditu argazkilariak liburuko testuak, nahiz eta lanak «testu oso gutxi» daukan, argazkilariaren hitzetan. «Lan etnografiko oso garrantzitsu» gisa definitu du Mendizabalek, eta, hori hala, Pegote-ri «eskerrak eman» behar zaizkiola nabarmendu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide