Azkoitiko Udal berria sortu zenentik bi hilabete pasa direla eta, Azkoitiko Bilduren Udal Taldeak egiten ari direnaz informatzea eta balantze bat egitea nahi izan du. Garrantzi berezia eman diote hasieratik parte hartzeari; eta horretarako udal funtzionamenduan hainbat aldaketa egin dituztela ere jakinarazi dute. “Gobernu batzordea talde politiko guztiei irekitzea izan da adibide garbiena”. Herritarren parte hartzea sustatzea ere izan da beraien xedea jakinarzi dutenez. Parte hartze ordenantza bat martxan jarzekotan dira: “Lehen pausu gisa plenoen ordutegiak 19:00etan finkatu eta Udalean herritarrak parte-hartzeko bideak jorratu ditugu dagoeneko”. Andramaxetan ere programa osatzerakoan “herritarren parte hartze zabala” bermatzen saiatu direla diote. “herri anitza da, sinesmen, jokamolde eta ohitura ezberdineko jendea bizi gara, eta horiek guztiak isla izatea nahi izan dugu aurtengo festetan”.
Udalaren egoera
“Udalaren egoera aztertzen aritu gara buru belarri, bai martxan dauden proiektuak eta bai beren egoera ekonomikoa. Hori guztia zehatz-mehatz ezagutzeko baliagarriak izango zaizkigu Euskadiko kontuen epaitegiaren ikerketa eta Azkoitia Lantzen S.An martxan jarri dugun auditoria”. Amaitzen dutenean horren berri emango dutela jakinarazi dute.
Bernardo Ecenarro enprsa herrira etortzearen kudeaketa lanen aipamena ere egin dute. Bere garaian egindako akatsen ondorioz, empresa Azkoitira ez joatekotan egon dela diote, “besteak beste, Azkoitia Lantzen ez zelako hartuak zituen konpromisoak betetzeko gai izan”.
Lan horiek egiten ari ziren bitartean Azkoitiko EAJk inguruan hartu duen jarrera “kezkagarria” iruditzen zaie: “Behin eta berriro oposizio serioa, arduratsua eta eraikitzailea egingo dutela esaten ari diren bitartean, fundamenturik gabe kritikak egiteagatik egiten dabiltza. Udal gobernuari axolagabekeria egozten ari dira egia erdiak eta deskalifikazio pertsonalak erabilita. Aurrenik, goian aipatu bezala, Bilduren gobernuak Bernardo Ecenarro enpresa Azkoitira etortzeko behar ziren kudeaketa guztiak egin ditugu, eta akordioa itxi dugu. Eta hara non, eta guk egindako gestioaren bidez gaia konpontzen denean, PNV dominak bere buruari jarriz ateratzen den, gestioak berak egin balitu bezala”. Alkateak itxi zuela akordioa dio, eta orduan joan zela bi astetarako oporretara. Orokorrean, EAJri “urduritasuna eta egonezina” sumatzen zaiola diote, eta oposizio eraikitzailea egiteko eta gobernuarekin elkarlanean aritzeko deia luzatu diote.