Gerdauk bertan behera utziko ditu Azkotiko lantegiko inbertsioak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko uzt. 21a, 12:14

Gerdau-Sidenor taldeak Azkoitiko lantegirako zituen inbertsioak gelditzea erabaki du, lan hitzarmenaren negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoelako. Asteartean egin zuten azken bilera enpresak eta langile batzordeak, baina ez zuten aurrerapausorik eman. Hori ikusita, talde brasildarrak hitzarmenean aurrera egin bitartean inbertsioak bertan behera uztea erabaki zuen, eta ez ditu berriro abian jarriko lan egoera egonkorra bermatuko duen hitzarmena lortu bitartean. Sidenorreko zuzendaritza batzordeak, produktibitatea hobetzeko neurrien baitan, lanaldia 2014ra bitartean bost egun luzatzea proposatu zuen. Soldatan KPIaren %75eko igoerak eta 500 euroko ordainsari gehigarriak osatzen zuten proposamena. ELAk eta LABek uko egin zioten eskainitakoari, eskubideak galtzeaz gain, «xantaiaren aurrean amore ematea» izango litzatekeelakoan. Enpresak, bere aldetik, beharrezko jo du neurri hori hartzea, iazko emaitzak (12 milioi euroko galera) eta aurtengo aurreikuspen txarrak ikusita, «lehiakortasunez» aritu ahal izateko. Dena den, diru inbertsio kopuru bati eutsiko diote; 3 milioi eurokori, hain zuzen, enpresaren esanetan. Hori urteko inbertsioaren %85a izango; gainerako %15a jada gauzatuta edo gauzatze bidean da, eta ez dute geldiaraziko. Hilabeteetako gatazka Ekainean egin zuten lanaldia luzatzearen proposamena onartu edo baztertzeko bozketa. Azkoitiko altzairugintza arloko lantokiak dituen 413 langileetatik 149k eman zuten botoa; hau da, lantalde osotik %36ek. Emandako botoetatik 139 aldekoak izan ziren, 12 kontrakoak, eta 3 baliogabeak. Honenbestez, ez zuten [...]

Gerdau-Sidenor taldeak Azkoitiko lantegirako zituen inbertsioak gelditzea erabaki du, lan hitzarmenaren negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoelako.
Asteartean egin zuten azken bilera enpresak eta langile batzordeak, baina ez zuten aurrerapausorik eman. Hori ikusita, talde brasildarrak hitzarmenean aurrera egin bitartean inbertsioak bertan behera uztea erabaki zuen, eta ez ditu berriro abian jarriko lan egoera egonkorra bermatuko duen hitzarmena lortu bitartean.

Sidenorreko zuzendaritza batzordeak, produktibitatea hobetzeko neurrien baitan, lanaldia 2014ra bitartean bost egun luzatzea proposatu zuen. Soldatan KPIaren %75eko igoerak eta 500 euroko ordainsari gehigarriak osatzen zuten proposamena.
ELAk eta LABek uko egin zioten eskainitakoari, eskubideak galtzeaz gain, «xantaiaren aurrean amore ematea» izango litzatekeelakoan.
Enpresak, bere aldetik, beharrezko jo du neurri hori hartzea, iazko emaitzak (12 milioi euroko galera) eta aurtengo aurreikuspen txarrak ikusita, «lehiakortasunez» aritu ahal izateko.
Dena den, diru inbertsio kopuru bati eutsiko diote; 3 milioi eurokori, hain zuzen, enpresaren esanetan. Hori urteko inbertsioaren %85a izango; gainerako %15a jada gauzatuta edo gauzatze bidean da, eta ez dute geldiaraziko.
Hilabeteetako gatazka
Ekainean egin zuten lanaldia luzatzearen proposamena onartu edo baztertzeko bozketa. Azkoitiko altzairugintza arloko lantokiak dituen 413 langileetatik 149k eman zuten botoa; hau da, lantalde osotik %36ek. Emandako botoetatik 139 aldekoak izan ziren, 12 kontrakoak, eta 3 baliogabeak. Honenbestez, ez zuten lortu bozketa aintzat hartzeko beharrezko ehunekoa (lantaldearen erdia gehi bat), eta ELA eta LAB sindikatuen tesiak gailendu ziren.
Aurretik, martxoan eta apirilan, ordubeteko lanuzteak egin zituzten egunero langileek. Gainera, ekainean, enpresa zuzendaritza «eskaerak eta materialak taldeko beste lantokietara desbideratzen» ari zirela salatu zuen lan batzordeak. Lan hitzarmena negoziatzen ari ziren dagoeneko eta horrelako jokabideak «ilegaltzat» jo zituzten langileen ordezkariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide