Astearte arratsaldean egin zuen osoko lehen bilkura, ezohikoa, Udalbatza berriak. Azkoitiko Udaleko Batzordeak onartu zituzten atzo (zortzi izango dira), baita bakoitzak izango duen kide kopurua ere, baina nork osatuko dituzten zehazteko dago oraindik. Gobernu Batzordea Bilduko, Azkoitia Baiko eta EAJko kideek osatuko dute. Liberatuak zein izango diren erabakita gelditu da dekretuz. Soldaten zenbatekoa, berriz, atzo onartu zen, eta erabaki horrekin aurreko agintaldiari dagokionean, %40ko murrizketa izan da.
Bilduren proposamena onartu zen soldatei dagokionean, eta haien irizpidea, «liberatuek orain arte zeuzkaten soldatei eustea» izan da. Pello Baztarrika alkatea eta Esther Lizarralde alkateordea %100ean egongo dira lanean; Jon Juaristi bigarren alkateordea, %75ean, Urrategi Alberdi, hirugarrena, %25ean eta Inazio Gorosabel, laugarren alkateordea, berriz, %50ean.
Hasiera batean Bilduk bederatzi batzorde osatzea erabaki bazuen ere, Azkoitia Bairekin hitz egin ondoren, proposamena aldatu eta zortzira jaistea erabaki zen. Honakoak dira: Sozioekonomia (Lana eta industria, Merkataritza, Turismo eta Nekazaritza); Berdintasuna, Hezkuntza eta Integrazioa; Euskara eta Gazteria; Kultura, Kirola, Festak eta Aisia; Gizarte Ongizatea; Hirigintza; Ingurumena, Obrak eta Zerbitzuak; eta Ogasuna, Barne Antolaketa eta Kontratazioa. Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin indartu zen. Bilduk Migrazioa izeneko beste batzordea sortu nahi zuen, baina hori kendu, eta berdintasun eta hezkuntzarekin batera, integrazioa sartu dute.
Batzordeak zazpi kidekoak izango dira. Bilduk hiru ordezkari izango ditu, EAJk bi, Azkoitia Baik bat eta PSE-EEk beste bat.
Udalbatzarrean, udal ordezkaritzak beste organo eta erakundeetan izango dituen ordezkariak ere onartu ziren. Zubiaurre Elkargune Institutuari dagokionean, Bilduk lau ordezkari izango ditu, EAJk hiru, Azkoitia Baik bat eta PSE-EEk bat. Hala ere, Baztarrikak atzo jakinarazi zuenaren arabera, institutuko batzordearen osaketan «jende gehiegi» dago, eta kudeaketa hori «kide gutxiagorekin ere aurrera» atera daitekeela uste dute. Beraz, estatutuak aldatu eta kide kopurua jaisteko «konpromisoa» hartu zuen. San Jose Fundazioan Udalak izango duen ordezkaritza ere onartu zen, baina herritarrena ez. Bilduk lau kide izango ditu, EAJk hiru, Azkoitia Baik bat eta PSE-EEk bat.
Iraurgi Lantzen S.A.-ko ordezkaritza alkateak eta talde politiko bakoitzeko ordezkari banak osatuko dute. Urola Erdialdeko Udal Elkartekoak, Inazio Gorosabel, Esther Lizarralde eta Mikel Zubizarreta izango dira.
Urola erdiko Industrialdea S.A.ko eta Ur Partzuergoko ordezkaria Baztarrika izango da. Urola eta Xabier Munibe ikastetxeetakoa Ester Lizarralde. Ingurugiro Etxe Fundaziokoa Agurtzane Epelde eta Urkomekoa (Mendi Nekazaritza Elkartea) Inazio Gorosabel.
Ordainsariak ezin onartuta
Plenoetara eta batzordeetara joateagatik ematen diren ordainsarien zenbatekoa %35 jaistea proposatu zuen Bilduk. EAJk emendakin edo zuzenketa bat jarri zuen, ordea; %15 jaistea nahi zuen hark. Azkoitia Bai eta EAJk horren alde bozkatu zuten, baina Bilduk eta PSE-EEk kontra, beraz, ez zen onartu. Ondoren, Bilduren proposamena bozkatu zen, baina hori ere ez zen onartu EAJk, Azkoitia Baik eta PSE-EEk aurka bozkatu baitzuten. Hurrengo udalbatzar batean erabakitzekotan gelditu ziren.