Auzo eta herri txikietako festazaleek zita bikaina daukate datorren astebukaeran Azkoitiko Urrategi auzoan. Biharko eta iganderako prestatu dituzte Ama Birjinaren omenezko festen baitako ekintzak.
Inguruan mus zale asko dagoenez, azkenengo urteetan egin ohi den bezala mus txapelketa azkarra antolatu dute biharko. 22:00ak inguruan hasiko da eta bikote bakoitzak 20 euro sartu beharko ditu parte hartu ahal izateko.Guztira aurreneko lau sailkatuentzako izango dira sariak. Iaz 32 bikotek hartu zuten parte eta bikote garailea Felix Alkorta eta Antonio Garixe suertatu ziren.
Urrategin zegoen taberna itxi zutenetik, taldetxo bat aritzen da, Urrategiko Elkartekoen laguntzarekin, festak antolatzen. Tartean ibiltzen da Ibon Errazu ere, eta, jakinarazi duenez, maiatzean hasten dira bilerak egiten festak prestatzen hasteko. «Bost bat lagun biltzen gara egitaraua eta egin beharrekoak prestatzeko. Egunean zehar lanerako jende gehiagok hartzen du parte, hala ere. Orduan hamahiru bat lagun aritzen gara».
Giza probaren errebantxa
Iazko festetan bi zaldi leihatu ziren harriari tiraka. Aurten, berriz, giza proba izango da ikusgai. Sanisidroetan Madarixakoak Urrategikoen aurka jokatu zuten, eta plaza erdi batengatik Madarixakoek irabazi zuten. Zozketa egin zuten han, eta Urrategikoak irten ziren aurrenak. 40 plaza eta erdi egitea lortu zuten. Bigarren sailkatu zirenek, orduan, 41 egitea lortu zuten.
Duela bi urte, astoaren aurka aritu ziren Urrategiko gazte batzuk, eta orduan 42 plaza egitea lortu zuten. Oraingoan, gutxienez marka hura berdindu nahi dutela ere badiote. Taldea sortzea apur bat kostatu zaien arren, dagoeneko entrenamendu batzuk egin dituztela diote.
EGITARAUA:
Uztailak 8, bihar
-22:00etan. Mus txapelketa. Bikoteko 20 euro, eta irabazlearentzako txapela eta 200 euro.
Uztailak 10, igandea
-9:30ean. Meza.
-11:00etan. Meza nagusia.
-12:30ean. Heri kirolak: Goenatxo II eta Jokin Eizmendi.
-13:00etan. Bertsolariak. Larrañaga, Egoitz Alkorta eta Xenpelar.
-13:30ean. Zabale eta Larrañaga trikitilariak.
-16:30ean. Gorriti eta bere animaliak, eta puzgarriak.
-18:00etan. Giza proba.