Udan ere zine faltarik izan ez dezaten, gaztetxoentzako animazio filmeen emanadia prestatu du Matadeixe Zinetogramek. Urtean zehar helduentzako pelikulak ematen dituzten arren, uda honetarako hainbat pelikula prestatu dute 10 – 18 urte bitartekoentzat. Uztailaren aurreneko bi asteetarako eta abuztuaren azkenengo bietarako osatu dute programazio; iraileko lehenengo astera luzatuko duten zalantzan daude: «Ordurako eskolara hasita izango dira gazteak, eta agian ez du mereziko jartzerik. Baina ikusiko dugu», dio Goretti Orbea antolatzaileetako batek.
Atzo eskaini zuten aurreneko animaziozko filma, Ponyo en el Acantilado. 18:00etan izan zen emanaldia, baina gainontzekoak noiz izango diren zehazteke daukate. Agertutako gazteekin hitz egitekoak ziren ordurik egokiena aukeratzeko. «Guk, printzipioz, igerilekutik irten eta afaltzera joan bitartean zerbait eskaintzeko geneukan pentsatua, baina gaur [atzo] erabakiko dugu gazteekin ordutegia».
Zerbitzua eskaintzeaz gain, gazteei Matadeixe ez dela «kobazulo» bat erakutsi nahi diete. Hala ere, «dagoeneko guraso batzuk ari dira Matadeixe beste begi batzuekin ikusten», dio Orbeak.
Gaztetxoen laguntzarekin
Hamaika urteko gaztetxo batzuk ari zaizkie laguntzen Zinetogram taldekoei, besteak beste, eskuorriak prestatzen. «Guk filmak aukeratzeko egin beharra hartu dugu, baina, gaztetxoak ere ari dira bestelako lanak egiten», diote.