Barrenak bustita ibili dira azkoitira pasa den astebukaeran gerturatu diren gehienak. Ostegunetik larunbatera bitartean 3.000 litro inguru edan dira Azkoitiko III. Garagardo Azokako karpan. «Iaz baino 100 litro inguru gutxiago saldu dira, hiru barrika gutxiago alegia. Baina, hala ere, aurreikuspenak bete dira, eta balorazio oso positiboa egiten dugu». Hala dio antolaketa lanetan aritu den Jose Luis Zubizarretak, Iraurgi Saskibaloi Elkarteko zuzendariak.
Egungo egoera ikusita, gustura daude lortu duten emaitzarekin. Gainera, «diru gehiago edo gutxiago irabazi, ez daukagu lanerako batere arazorik». Hiru egunetan «jende asko» ibili da Azkoitiko kaleetan, eta horrekin tabernariak ere «pozik» agertu zaizkie, Zubizarretaren esanetan.
Egunik indartsuena «nabarmen» larunbata izan da, nahiz eta ordurako antolatutako mus txapelketak «erantzun onegia ere ez» duen izan, antolatzaileen ustetan. Hamalau bikote aurkeztu ziren, eta horren aurrean bi aukera zituztela adierazi dute: «Txapelketa bertan behera uztea, ala aurrez prestatuta zeuden sariak erdira jaistea». Hori ikusita, aurkeztu zirenek, sariak jaitsi eta jokatzea erabaki zuten. Dioenez, nahi bezala ez irten izanak, ordea,ez du esan nahi hurrengo urtean mus saioa antolatuko ez dutenik. Ez duela oso eguraldi ona ere egin nabarmendu du Zubizarretak, eta horren eraginez jendeak herritik errazago alde egingo zuela. «Lehenengo aldiz gutxitan irteten du ondo».
Aukeratu zuten asteburua kontuan hartuta, «beldur pixka bat» bazeukatela aitortu du garagardo azokaren antolatzaileak. «Ordizian beste garagardo azoka zegoen, eta Ondarroan zein Zumaian festak ziren». Gazteak kanpora joango ote ziren susmoa zeukaten arren, Azkoitiak herri bezala ongi erantzun duela dio. Beste egunik libre ez zegoelako aukeratu zuten uztaileko aurreneko asteburua. «Ekain hasierako asteburuan Azpeitiko San Juandegi auzoko festak izan ziren, hurrengo astean, berriz, Azkoitiko Elkartasun Eguna. Beste egunik ezin aurkituta antolatu dugu asteburuan».
«Egunero joan zitezkeen gazteentzat, txerri ukondoaz gain, bestelako eskaintza nahi genuen. Gainera, jende gazteak ez daki hori jaten, hainbeste gantz eta abarrekin». Horregatik, aurtengoan oilaskoa ere jarri nahi zuten eskaintza zabaltzeko. Hala ere, azpiegitura faltagatik ezin izan dute horrelakorik egin.