
Guztira, 4 eta 12 urte bitarteko 399 haurrek parte hartuko dute ekimenean. Alai Batzak 30 hezitzaile baino gehiago jarriko ditu lanean hilabete osoan.
Lehen hamabostaldiak bihartik uztailaren 13a bitartera iraungo du; eta bigarrena, berriz, uztailaren 14ean hasi eta 27an bukatuko da. Bi egitarauekin bukatzeko, txango bana antolatu dute: Aurreneko txandan parte hartuko duten haurrek Landa-Garaio (Araba) urtegian igaroko dute eguna. Bigarren txandakoek, Hondarribian eta Guadalupen egingo dute egunpasa.
Bien bitartean, Floreaga Ikastetxean, Xabier Munibe Ikastolan eta Elkargunen antolatzekoak diren hamaika ekimenez gozatzeko aukera izango dute haurrek. Goizero, 10:00etan elkartuko dira eliz atarian, eta 13:00ak arte egitarau oparoa izango dute ondo pasatzeko.