Anaitasuna Tenis Taldeak dena prest du Udako Tenis Ikastarorako. Datorren ostegunean hasi eta uztaila bukaera bitartera umeentzako ikastaroak eskainiko dituzte, Udalaren babesarekin. Bi hamabostalditan banatuta dago ekimena: aurreneko txanda, ekainaren 30tik uztailaren 13ra egingo dute; eta bigarrena, uztailaren 14tik 28ra. Goizetan izango dira klase guztiak, 09:00etatik 13:00ak arte.
Sekulako arrakasta izan du aurtengo deialdiak, eta dagoeneko txanda bakar batean bakarrik dago izena emateko aukera. Lehendabiziko hamabostaldian, 09:00etatik 10:00etara bitarteko klasean oraindik bi lagunentzako tokia dago (atzoko datua da).
Ainhoa Peña eta Txaro Vazquez izango dira tenis irakasleak. Izena emateko epea zabalik dago Elkargunen, eta matrikula 24 eurokoa da. Klubak jakinarazi duenez, eguraldi ona egiten duenean Txerloiako pistetan emango dute ikastaroa. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Gurea pilotalekuan. Goizeko 09:00etan euria ari badu, ikastaroa Gurean izango da.