Euskara hizpide hartuta, bi hitzaldi izango dira datorren asteartean, ekainaren 28an. Lehena, Zubiak errotzen programaren baitan egingo da, 11:30ean Elkargunen. Eta bigarrena, Maxixatzen Euskara Elkarteak antolatutakoa, 19:00etan izango da toki berean.
‘Euskaraz lan eta bizi – Euskara en el trabajo’ izeneko hitzaldia euskaraz eta gazteleraz emango du Joxe Begiristainek, Beasaingo CAF enpresako euskara teknikariak, euskararen erabilerak enpresa horretan duen garrantziari buruz. Bi helburu ditu hitzaldiak:Batetik, euskara hizkuntza modernoa eta etorkizunerako balioa duen hizkuntza dela erakustea; eta bestetik, euskara lan munduan gero eta garrantzitsuagoa dela eta lan merkatuan aukera gehiago eskaintzen dituela ikustea.
Hitzaldia irekia da eta programa honeko parte hartzaileei ez ezik, etorkin guztiei, EPA eta AEKko ikasleei eta irakasleei, DBH eta Institutuko irakasleei, Langabetuen Batzordeko bazkideei eta herritar guztiei zuzendua dago.
Hizkuntza txikien inguruan
‘Hizkuntza txikiak: ahaleginak eta zubiak’ hitzaldia Maxixatzenen eskutik etorriko da astearte arratsaldean. Garabide Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako Jatorrizko Hizkuntzen eta Identitatearen Garapenerako aditu ikastaroa egiten ari diren kide batzuekin egingo dute hitzaldi tertulia.
Flor Canche (Mexikoko hizkuntzalaria eta Ekialdeko Yucataneko Unibertsitateko ikerlari eta irakaslea); Arturo Muyulema (Ekuadorreko Tinkunakuyki-ko zuzendaritza kontseiluko kidea); eta Jon Sarasua (Huheziko irakasle eta Garabideko kidea) izango dira hizlariak.