Ezusteko galanta izan zen atzo, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Herriarteko eskuz binakako pilota txapelketaren finalerdien itzulikoa jokatu zuten Azkoitiak eta Donostiak. Azkoitiarrek 3-0 aldeko errentarekin joan ziren Donostiara baina ezin izan zuten abantaila aprobetxatu eta, honenbestez, finaletik kanpo geratu dira.
Hiru partidetatik bat irabaztea nahikoa zuen Azkoitiko taldeak finalerako sailkatzeko, baina azkenean ezinezkoa izan zen. Kadeteen partida oso lehiatua izan zen eta donostiarrek irabazi zuten, 22-20 emaitzari esker. Jubenilen partida ondo hasi zen azkoitiarrentzat, 10-18 izatera ere iritsi ziren, baina jokalari batek eskuan min hartu zuen orduan eta partida maldan behera hasi zen Azkoitiarentzat. Donostiarrek tantu batengatik eraman zuten hirugarren norgehiagoka, 22-21 lortuta.
Azkenengo norgehiagokan, nagusien mailakoan, 17 tantu egin beharra zuten kanpotarrek, baina pilota biziegi bat medio eta urduritasunak lagun, etxeko taldeak erraz irabazi zuen partida, 22-3 emaitza argiari esker.
Honenbestez, txapelketa hemen bukatu da Azkoitiko Oteiza Pilota Eskolakoentzat. Donostiak egin du aurrera eta ekainaren 26an Atano III.a frontoian jokatuko den finalean egongo da, Hernani edo Oiartzun arerio izango duelarik.