Apirila hasieran Azpeitian egin zuten bezalaxe, Sahatsa Dantza Taldeak 35. urtemuga ospatzeko ikuskizuna eskainiko du larunbatean, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 18:00etan hasiko da emanaldia eta sarrera doan izango da. Taldeak sorreratik izan ditu Azkoiiko eta Azpeitiko partaideak eta bailarako ikuspegia, horregatik ospatu nahi izan dute urteurrena bi herrietan.
Sahatsak taldeko kide ohi, senitarteko, kolaboratzaile eta azkoitiar guztiak gonbidatu ditu ekimenera. Tradizioan oinarritutako dantza eta musika ikuskizuna izango da larunbatekoa. Errepertorio «koloretsua, zatika intimoa, indartsua, trebezia eta birtuosismoa taularatzen duena» izango dela aurreratu dute eta ikusle guztien gozamenerako izatea nahi du taldeak.
Jaialdia bukatu ondoren, Sahatsakoek eta lagunek txikiteoa egingo dute eta Joseba jatetxean egingo duten afariarekin bukatuko dute festa eguna. Bost urtean behin antolatzen dute topaketa, beraz, aurtengoan ere elkar ikusteko aukera izango dute taldekideek eta partaide izandakoek.