Etxeberritxok, Poxpik eta Lajak omenaldi hunkigarria jaso zuten atzo, Martitten egin zen trikiti jaialdian. Eguraldia lagun, jende ugari izan zen auzoko plazan ikuskizunaz gozatzeko asmoz. Bikote askok hartu zuten parte jaialdian eta bukaera aldera, omenduek ere bost bat pieza jo zituzten, oraindik sasoiko daudela erakutsiz.
Martitte jatetxeak prestatutako festa egitarauaren baitan, gaur goizean meza izan da. Bihar, berriz, mezarekin hasiko da feta eguna. Ondoren, lagunarteko bazkaria egingo dute Martitte jatetxean. Iluntzean ere mahaiaren inguruan sortuko da festa. 20:00etan afaria izango da eta afalostean, Elustondo anai-arrebekin erromeria izango da Pentekoste jaiei bukaera emateko.