Larunbatean ospatu zen Elkartasun Eguna azken urteetako jendetsuena eta parte-hartzaileena izan da. «Oso gustura gaude eguneko ekimen guztietan jende pilo batek hartu duelako parte», adierazi dute antolatzaileek.
Alkate berriak, Bilduko Pello Bastarrikak, kargu hartzean egin zuen parte hartzeko deiarekin hasi zen eguna. Eguerdian, 116 lagunek parte hartu zuten Elkartasun Krosean. Haurren parkean izugarrizko ume pila egon zen goiz guztian, sekulako iladak sortu zirelarik. Aurtengo nobedadea futbito txapelketa izan da. «Astero egon diren partidetan jokalarien inplikazioa oso ona izan da eta finaletan ere ikusle asko bertaratu dira, partida ederrak eta sanoak jokatuz», esan dute antolatzaileek.
Berdura Plazaren kanpoaldean egindako lagunarteko bazkarian, iaz baino 100 lagun gehiago izan ziren; 240 pertsona, guztira. Presoen aldeko unblenble ugari egin ziren eta postrearekin batera presoei gutunak idatzi zizkieten. Ondoren futbitoko sari banaketa ekitaldia egin zuten eta arratsalde partean, elktrotxarangak alaitu zituen herriko kaleak.
Manifestazioa ere oso jendetsua izan zen, 350 lagun inguruk hartu zuten parte bertan. Eta gauean, berriz, Bizardunaken kontzertuak parranda gauari hasiera eman zion.