Lau orduko pilota jaialdia izan zen atzo, Gurea pilotalekuan. Herriarteko Eskuz Binakako Txapelketaren finalerdien joaneko partidak jokoan ziren eta ikusle andana izan zen Azkoitiko frontoian. Giro paregabea izan zen eta Azkoitiko pilotariek poz galanta eman zieten ikusleei. Hiru partidak irabazi zituzten pilotari azkoitiarrek, datorren astean Donostian jokatuko den itzulikoari begira urrats inportantea emanez.
Kadeteen patida oso gorabeheratsua izan zen. Azkoitiarrek 8-18 irbazten egotera iritsi ziren eta partzial txarra egin ondoren, 21-19 galtzen jarri ziren. Baina azkenean, eta ordu eta erdiko partida luze baten ondoren, garaipena lortu zuten 21-22 emaitzari esker.
Jubenilen norgehiagokan, oso partida parekatua ikusi ahal izan zen. Tantu bat edo biren aldearekin aritu ziren bi bikoteak, baina azkenean Azkoitiarrek irabazi zuten 18-22ari esker.
Nagusien partida ere parekatua hasi zen baina azkoitiarrek 12-5 aurreratu ziren berehala. Hortik aurrera, ezin aurrera egin eta Donostiako taldeak abantaila hartu zuen 18-16 markagailuan jarri arte. Bukaera kementsu baten ondoren, Zendoiak eta Anduezak onenak eman zituzten eta 19-21 emaitzarekin bukatu zen lehia.