Aitor Arrate Idueta da Anaitasuna Futbol Taldearen Ohorezko Mailako taldearen entrenatzaile berria. Pablo Turrillasen ordez hasiko da lanean bizkaitarra, datorren hilean. Arratek Txerloiako instalazioak ezagutu ditu, eta taldearekin lehen kontaktua izan du dagoeneko. Anaitasunako arduradunek adierazi dutenez, «sekulako ilusioarekin» heldu da Arrate Azkotiko taldea zuzentzera. «Talde gaztea, ona eta hazteko gogoa duena aurkitu dut, eta oso gustura nago», adierazi du entrenatzaile berriak.
Azken lau urteetan Preferente eta Ohorezko Mailako taldeak entrenatzen jardun du Arratek. Amaitu berri den denboraldian Ondarroako Aurrera taldea entrenatu du.
«Hankak lurrean, baina gogoa beti gora begira». Hala egon nahi du Anaitasunak. «Hirugarren maila da gure helburua, baina esku artean daukaguna ikusi behar dugu, eta lasaitasunarekin egin aurrera», adierazi dute klubeko arduradunek. Arratek Urola Kostako Hitza-ri zera adierazi dio: «Mantentzea da helburua, eta pixkanaka-pixkanaka igoera bilatzen joango gara».
Urratsez urrats ekingo diote bideari, eta, horretarako, abuztu hasieran ekingo diete entrenamenduei. Aurredenboraldian sei edo zazpi lagunarteko partida jokatuko dituztela aurreratu du zuzendaritza batzordeak.