Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) kontzertua emango du bihar, XX. Azkoitiko Udaberriko Musikaldiaren programazioaren barnean. Baztartxo antzokian 19:30ean izango da emanaldia, doan. Kontzertu hau Orkestra herrietan egitasmoaren baitan kokatzen du EOSek, eta bonu denboralditik kanpo dago.
EOSk 2007an abiatu zuen Orkestra herrietan ekimena, orkestraren 25. urteurrenaren harira. Horren bidez euskal ikusleengana hurbildu nahi du Euskadiko Orkestrak.
Bruno Claverie flauta bakarlaria eta Pascal Laffont oboe bakarlaria gonbidatu gisa entzuteko
aukera izango da kontzertuan. Domenico Cimarosaren Flauta, oboe eta orkestrarako kontzertua interpretatuko dute, Howard Griffithsen zuzendaritzapean.
Ludwig Van Beethovenen Prometeoren kreaturak ballet alegorikoaren zatiekin eta Franz Schubert konpositore austriarra hil ostean estreinatu zen Hirugarren Sinfonia-rekin osatuko dute biharko egitaraua.
Griffithsen hirugarrena
Howard Griffiths zuzendaria Brandenburgisches Staatsorchester Frankfurt eta Züricheko Camerata Schweiz-eko zuzendari artistikoa da gaur egun. Gaur
bertan Gasteizko Principal Antzokian izango da Griffiths Euskadiko Oskestra Sinfonikoarekin, Azkoitian emango duten programa berarekin. Maisuak EOSeko bonu denboraldian parte hartzen duen bigarren aldia izango da gaurkoa. Izan ere, 2009an zuzendu zuen euskal orkestra Bilboko Koral Elkartearekin batera.