Ibilbide eta paraje ederretaz gozatzeko aukera izan zuten atzo XV. Beitia Martxan parte hartu zuten 1.300 mendizaleek. Irteera mailakatua egin zenez, aurreko urteetan baino pilaketa gutxiago izan zen bidean eta mendizaleak gustura ibili ziren 32,5 kilometroko ibilbidean barrena. Batzuek Aizpurutxon bukatu zuten martxa, nahikoa bide eginda edo euriak atzera bota zituelako. Beste batzuek, berriz, Aipurutxon mokadua egin eta Irimo aldera abiatu ziren ibilbide osoa bete asmoz. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete martxan parte hartu duten guztiei eta aste honetan bertan informazio eta argazki guztiak www.beitia.org webgunean jarriko dutela aurreratu dute.