Ekainaren 11n (larunbata) ospatuko den Elkartasun Eguneko krosean parte hartzeko deia egin dute herriko hainbat kirolarik. “5 kilometro izango ditu krosak eta kilometro bakoitzak elkartasun aldarrikapen bat izango du: lehena, sakabanaketarekin amaitzea; bigarrena, kondena bete duten presoak kaleratzea; hirugarrena, gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea; laugarrena, bakartze eta isolamenduarekin amaitzea; eta bosgarrena, senideen aurkako jazarpenarekin amaitzea”, adierazi zuten atzo plazan egindako agerraldian.
Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta dauden euskal preso politikoei babesa eta elkartasuna adierazi diete kirolari azkoitiarrek eta, bide batez, “espetxe politika anker honekin amaitu eta arduradunak euskal preso politikoen eskubideak bermatuko dituzten neurriak hartzera bultzatu” behar direla azaldu zuten kirolariek. “Hau lortzeko beharrezkoa da presoen eskubideen aldeko mugimendua indartzea”, gaineratu zuten.