Epsilon Euskadik jarduerarik gabe Azkoitian dituen lau lantegiak uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Bernabe Undak enpresaren zuzendaritzari. Enpresa Gasteizko Miñao industrigunean kokatu zenetik utzita ditu eta Jaurlaritzari 190.000 euro kostatzen zaizkio urtean, Undaren arabera. Epsilonek 543 euroko errenta sinbolikoa ordaintzen dio Sprilur sozietate publikoari Azkoitian dituen lau lokaletatik birengatik. Urola Erdiko Industrialdea da beste bi lokalen jabea eta Epsilonen esku musutruk utzi zituen 2007an.
Autogintza enpresaren egoera ekonomikoa eta enpresak jaso dituen laguntza publikoen nondik norakoak aztertzeko Eusko Legebiltzarrean eratu den batzordean egon zen Bernabe Unda, herenegun. Aurretik esandakoa berretsi zuen sailburuak: Arabako Teknologia Parkeak enpresari emandako bermeak «zalantzazkoak» iruditzen zaizkiola, eta ez dutela arrisku gehiago hartuko enpresa salbatzeko.
Epsilonek 6,5 milioi euroren diru laguntza publikoak eta 40 milioi euroren kreditu eta abal publikoak jaso ditu sortu zenetik; gaur egun, zazpi milioi euroren galerak ditu.
Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik adierazi duenez, “Epsilonena proiektu oso interesgarria iruditu zaigu beti baina bideragarritasun ekonomikoa izatea ezinbestekoa da”. Kirol eta hezkuntza arloan Epsilonek egin duen lana goraipatu du Aranbarrik baina “alderdi industriala gutxi landu izana akats bat” izan dela iruditzen zaio Aranbarriri.