Udalak 75etik 65 urtera jaitsi du garraio soziala erabiltzeko adin muga

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko mai. 6a, 16:20

garraio zerbizua, adina jaitsi, Gizarte Zerbitzuak

Udalak garraio soziala martxan jarri zuenetik hilabete eskas igaro denean, Gizarte Zerbitzuen Sailak erabiltzaileen adin muga 75 urtetik 65era jaistea erabaki du.

Udalak balorazio baikorra egin du zerbitzuaz, ekimenak “oso harrera ona” jaso baitu. Autobus zerbitzu berriarekin, auzoetan bizi den adin nagusiko jendeak eta ezintasunen bat duenak aukera du auzoetatik herrigunera joan-etorria egiteko. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, “erabiltzaileak oso pozik daude zerbitzuarekin, besteak beste, erraztasunak dituztelako ez bakarrik toki batetik bestera mugitzeko, baita zerbitzuaren erabilpenerako ere”. Autobusa erabiltzen dutenek laguntzaile bat izaten dute ibilgailutik jaisten edo igotzen laguntzeko, behar izanez gero.

Garraio soziala erabili nahi duen orok Gizarte Zerbitzuetan egin behar du eskaera eta 30 euro ordaindu erabiltzaile txartela eskuratzeko. Behin txartela eskuan, nahi adina alditan erabili ahal izango du garraio soziala.

Ibilbideak hainbat geldialdi egiten du Floreaga, Altzibar, Txalon Erreka, San Martin eta herrigunearen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide