Urtero legez, udaberriarekin batera, musikaz beteko dira Azkoitiko Santa Kutz komentuko eliza eta Oñatiko Santa Ana antzokia. Larunbat honetan abiatuko da XX. Udaberriko Musikaldia Azkoitian eta lau astez zuzeneko emanaldi bana izango da.
Kultura eta euskara foru diputatu Maria Jesus Aranburuk, Azkoitiko Udaleko kultura zinegotzi Kontxi Larrañagak eta Oñatiko Udaleko kultura batzordekide Ainhoa Galdosek atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean aurkeztu zuten ekimena. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara Departamentuak eta Azkoitiko eta Oñatiko Udalek elkarlanean antolatzen dute musikaldia. «Musikarientzat aukera paregabea izaten da euren lana aditzera emateko, eta musikazaleentzat ere, herrietan musika entzuteko parada ezinhobea gertatzen ohi da», adierazi zuten agerraldian.
Kontxi Larrañagak hogei urte hauetan musikaldian parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan zizkion: «Entzule leialak izan ditugu eta aurten ere jendea animatu nahi dut maila handiko jaialdiaz gozatzera».
Emanaldi guztiak doan
Azkoitian, larunbatetan izango dira kontzertuak, maiatzak 27 ostiralekoa izan ezik, egun horretako Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldia Baztartxo antzokian izango baita. Kontzertu guztiak doan izango dira. Urtero lez, Santa Kutzeko kontzertuetara joateko doako autobus zerbitzua jarriko du Udalak. Eroski txikiaren aurretik abiatuko da autobusa, 18:00etan.
Egitaraua
maiatzak 7, larunbata
Santa Kutz komentuan, 18:30ean. Donostiako Barroko Taldea eta Kresala Dantza Taldea. Zuzendaria: Sergio Zapirain.
maiatzak 14, larunbata
Santa Kutz komentuan, 18:30ean. Javier Perianes piano-jotzailea.
maiatzak 21, larunbata
Santa Kutz komentuan, 18:30ean. Musikalité Brass Quintet.
maiatzak 27, ostirala
Baztartxo antzokian, 19:30ean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Griffiths Howard.