Amenabar enpresak egingo ditu Danobat eta Altamira lotuko dituen bidearen lanak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko api. 15a, 10:42

Errepidea, Danobat eta Altamira, esleipena, Amenabar enpresa, zubia

Azkoitiko Udalak Amenabar enpresari esleitu dio, Txalon-Errekako urbanizazioa zeharkatuz, Danobat eta Altamira lotuko dituen errepidearen eraikitze lanen lehenengo fasea. Bideak, bere osotasunean hartuta, 430 metro izango ditu. Lanak faseka gauzatuko dira. Oraingoz, Udalak Danobatetik Martitte auzora igotzeko dagoen bidegurutzerainoko tartea esleitu du. Errepide berria eraikitzeaz gain, pare horretan dagoen bihurgunea 180ºkoa izatetik 80ºkoa izatera pasako da, arriskua murriztuz. Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da zati honetaz, bihurgunea murrizteko zubi bat eraikiz.

Lanak maiatzean hasiko dituzte eta Amenabar enpresak zortzi hilabeteko epea du obrak bukatzeko, alegia, aipatutako errepide zatia eraikitzeko.

Hurrengo faseetarako oraindik datarik finkatu ez den arren, pixkana joango dira gauzatzen, “proiektuaren garrantziak hala eskatzen baitu” Udalaren esanetan. Izan ere, bide berri honek Jausoro, Danobat eta Txalon-Erreka erdigunera gerturatzeaz gain, Julio Urkijo kaleko trafikoa erabat arinduko du, herrira sartzeko eta herritik irtetzeko beste aukera bat eskainiz.

Lehenengo fase honen aurrekontua 1.300.000 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzako Hiriber programari esker lortuko da finantziazioaren %65a.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide