Ikuslez beteta zegoen Gurea pilotaleku igande goizean. Izan ere, XXVII. Atano III.a Buruz Buruko Pilota Txapelketako finalak jokatzekoak ziren. 10:00etan hasita, hamar partida jokatu zituzten
7 eta 14 bitarteko pilotariek.
«Partida onak izan dira eta jendea oso gustura geratu da umeek erakutsi duten mailarekin», adierazi du Azkoitiko Oteiza Pilota Eskolako arduradun Jexux Anduezak.
Lan asko egin behar izan dute aurten antolatzaileek. Izan ere, inoiz baino haur gehiago lehiatu da txapelketan. «Batik bat 7 eta 8 urte bitarteko haurren parte-hartzeak egin du nabarmen gora, baita neskena ere», adierazi du Anduezak. Horrek asko luzatu du txapelketa, eta ohiko partidez gain, larunbatetan ere neurketak programatzera behartu ditu antolatzaileak. «Lan handia izan dugu, baina oso pozik gaude», diote antolatzaileek.
Txapelketa bat bukatu orduko, beste bat antolatzeari ekin dio Azkoitiko Oteiza Pilota Taldeak. Izan ere, XLI. Azkoitiko Txikitoren Oroimenezko Pilota Txapelketan parte hartzeko izena emateko epea zabalik da datorren maiatzaren 3a bitartean. Parte hartu nahi duten haurrek Gurea pilotalekuan edota herriko ikastetxeetan eman dezakete izena.
Binaka jokatzen da txapelketa hau eta bost kategoria izango ditu aurten ere: 7-8 urtekoak, 9-10koak, 11-12koak, 13-14koak eta neskak. Sailkatzeko partidak asteartetan eta ostegunetan jokatuko dituzte, Gurea frontoian. Urtero moduan, ekainean jokatuko dituzte finalak, haurren oporretako lehendabiziko asteburuan.
Emaitzak
7 urtekoak.
- Alazne Sudupe 7 – Nahia Gonzalez 16.
- Endika Garagarza 12 – Beñat Exposito 16.
8 urtekoak.
- Julen Goenaga 7 – Ioritz Astigarraga 16.
9 urtekoak.
- Amets Andueza 16 – Manex Ansorregi 5.
10 urtekoak.
- Oihana Aranbarri 16 – Julene Iturbe 10.
- Jagoba Uranga 16 – Iñaki Azkoitia 10.
11 urtekoak.
- Jon Oteiza 16 – Iñigo Oteiza 5.
12 urtekoak.
- Xabier Azkoitia 17 – Endika Cuevas 18.
13 urtekoak.
- Unai Garate 18 – Julen Oñederra 11.
14 urtekoak.
- Joseba Aldaia 18 – Arkaitz Lazaro 9.