Atano III.a Pilota Txapelketak hamar txapeldun berri ditu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko api. 13a, 19:04

Atano III. Pilota Txapelketa, Azkoitiko Oteiza Pilota Taldea, finalak, Txikito Oroimenezkoa, Gurea frontoia

Ikuslez betetako Gurea pilotalekuan jokatu ziren XXVII. Atano III.a Buruz Buruko Pilota Txapelketako finalak, igande goizean. 10:00etan hasita, hamar partida jokatu zituzten 7 eta 14 bitarteko pilotariek.
«Partida onak izan dira eta jendea oso gustura geratu da umeek erakutsi duten mailarekin», adierazi du Azkoitiko Oteiza Pilota Eskolako arduradun Jexux Anduezak.
Lan asko egin behar izan dute aurten antolatzaileek, izan ere, inoiz baino haur gehiago lehiatu dira txapelketan. «Batik bat 7-8 urte bitarteko haurren partehartzeak egin du nabarmen gora, baita neskena ere», adierazi du Anduezak. Horrek asko luzatu du txapelketa eta ohiko partidez gain, larunbatetan ere neurketak programatzera behartu ditu antolatzaileak. «Lan asko izan dugu baina oso pozik gaude», diote antolatzaileek.
Txikito Oroimenezkoa
Txapelketa bat bukatu orduko, beste bat antolatzeari ekin dio Azkoitiko Oteiza Pilota Taldeak. Izan ere, XLI. Azkoitiko Txikitoren Oroimenezko Pilota Txapelketan parte hartzeko izena emateko epea zabalik da datorren maiatzaren 3a bitartean. Parte hartu nahi duten haurrek Gurea pilotalekuan edota herriko ikastetxeetan eman dezakete izena.
Binaka jokatzen da txapelketa hau eta bost kategoria izango ditu aurten ere: 7-8 urtekoak, 9-10, 11-12, 13-14 eta neskak. Sailkatzeko partidak asteartetan eta ostegunetan jokatuko dituzte, Gurea frontoian. Urtero moduan, ekainean  jokatuko dira finalak, haurren oporretako lehendabiziko asteburuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide