Azkoitiko Immigrazioaren Tokiko Plana 2011-2016 onartu berri du Udalak, EAJren eta PSEren aldeko botoekin. 2008an hasi ziren plana osatzeko lanetan. Hiru urte eta gero osatu du Udalak plangintza, lanerako marko orokorra, etorkinak «esku zabalik hartu ahal izateko».
Asier Aranbarri alkateak zera azaldu zuen udalbatzarrean: «Udalak arlo honetan eskumen murritzak dituen arren, plan garrantzitsua da, etorkinen kopurua hazi egin delako, batik bat azken lau urteetan». Azkoitiak dituen 11.400 biztanleetatik 850 inguru atzerritarrak dira (%7,4). Planaren helburu nagusia «kanpotik etortzen denak herriko izaerarekin eta errealitatearekin bat egin dezan da», adierazi du alkateak. «Kanpotik datorrenak barneratu behar dituen berezko ezaugarriak ditu Azkoitiak», gaineratu du Aranbarrik. «Hori da etorkizunerako erronka handia: beharragatik bere herrialdetik joan den pertsona hori nola integratu», esan du.
Udalak esfortzu «berezia» egingo du etorkin familiak herrian errotzeko, horretan eskumena baitu. Hala jakinarazi du, eta horretarako baldintzak jarriko dituela ere aurreratu du.
Immigrazio Plana abiapuntua besterik ez dela, eta egoera bakoitzari egokitu behar zaiola jakinarazi dute udal ordezkariek.
Oinarriak eta lanerako ildoak
Lau oinarri ditu planak: immigrazioa prozesu dinamiko eta aldakor gisa; gizarteratzea elkarrekiko eta norabide biko prozesua lez; herritartasuna, barne-hartze ikuspegitik; eta giza eskubideak eta duintasuna aitortzen dituen immigrazio politika.
Jardueren programari dagokionez, honako ildo estrategikoak jasotzen ditu planak: atzerritarrei harrera bateratua eta osoa egitea; parte-hartzea, sentsibilizazioa eta elkarren arteko ezagutza; ume eta gazte etorkinen eskolaratzea eta gizarteratzea erraztea; euskara sustatzea, gizarteratzeko tresna gisa; lan merkatua eta etorkinen prestakuntza; emakume atzerritarren gizarteratzea; eta etxebizitza eskuratzeko erraztasunak.
Plangintzaren irudia
Planaren logotipoa ere sortu dute. Udane Juaristik egin du, Barriken iturriaren eta tximeleten irudia erabiliz. «Urak bizia ordezkatzen du, eta tximeletek elkarbizitza anitza eta aberatsa», azaldu dute.
Etorkinek euskal kulturari buruzko ikastaroa egin beharko dute
Azkoitiko Udalak ekimen berria jarri du martxan, Banaiz Bagara elkartearekin batera, etorkinek kulturari eta hizkuntzari dagokionean hobeto integra daitezen. «Gure hizkuntzara eta gure kulturara hurbiltzeko balioko dieten tailerrak antolatuko dira, azkoitiarren eta kanpotarren arteko harremanak euskaraz garatzeko helburuarekin», adierazi dute udal ordezkariek.
Hala azaldu du immigrazio teknikari Aitor Oiarzabale: «Proiektua garatu nahi dugu, euskara ikasteko ahalegina egiten dutenek integrazio maila altuagoa eta hobea lortzen dutela ikusten dugulako».
Udala maiatzean hasiko da kultura eta hizkuntza integraziorako ikastaroak eskaintzen, «hain zaila den oreka lortzeko aurrerapauso bat emateko asmoz». Lehen ikastaroa maiatzetik ekai
nera egingo dute. 10 ordu iraungo du; hau da, bi ordu eta erdi astean.
Errotze Txostena lortu ahal izateko, ezinbestekoa da ikastaroa egitea. Dokumentu horrek etorkinaren integrazio maila erakusten du, eta bizitzeko edo lan egiteko baimena lortu ahal izateko duten bideetako bat da. «Udalak hartutako neurria aitzindaria da arlo horretan. Izan ere, udaletxeek pixkanaka badute gai honen inguruan zeresana, nahiz eta paperak emateko eta suerta daitezkeen arazoak konpontzeko eskumena Madrilgo gobernuaren ordezkaritzen esku egon», jakinarazi dute.
Eskubideak eta betebeharrak
Eskubideak bai. Betebeharrak ere bai. Printzipio horretan oinarritzen da Udalaren kudeaketa immigrazio kontuetan. Udalak azaldu duenez, «etorkinek eskubideak dituzte; besteak beste,
hezkuntza eta osasun zerbitzuak esku-eskura dituzte. Baina integrazioa bi norabideetakoa izanik, etorkinei dituen elkarbizitza arauekiko errespetua eta tolerantzia eskatzea bateragarri
a da».
Udalak gogorarazi duenez, azkoitiarrak ere prozesu honen partaide dira: «Izan ere, norabide bikoa da prozesua, eta elkarbizitza paketsua eraikitzea da helburua».
Xabier Aierdiren hitzaldia
Onartu berri duten plana testuinguru, Xabier Aierdi soziologoa eta Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari ohiak Kulturartekotasun Elkarbizitza Azkoitian: Etorkizunerako zubia edo gaztelua airean? izenburudun hitzaldia emango du etzi, ostegunean, 19:00etan Elkargunean. Hitzaldia irekia eta doakoa izango da.