Elkarguneak webgune berria jarri du martxan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko api. 8a, 16:33

Elkargunea, webgune berria, informazioa, komunikazioa, zerbitzuak

Elkarguneak webgune berria jarri du martxan: www.elkarguneazkoitia.net. Bi helburu betetzeko asmoarekin dator komunikazio tresna berria: informazioa eskaintzea eta erabiltzaileei tramiteak egitea erraztea. Hemendik aurrera, internet bidez egin ahal izango dira izen-emateak edota hainbat zerbitzuren erreserba, hala nola, squash, badminton eta padel pisten edota belar artifialezko futbol zelaiaren erreserbak, besteak beste.
Erabiltzaileekin harremana errazteko asmoz, aurrera begira ordainketak ere webgunearen bitartez egin ahal izango direla jakinarazi du Udalak. «Webgunea informazio jarioa bi norabideetakoa izateko diseinatu da eta ez bakarrik informazioa luzatzeko», azaldu dute.
Webgunea «bizia eta norabide bikoa» izatea nahi dute; hori dela eta, irisgarritasunari lehentasuna emanez diseinatu da, «ahalik eta klik gutxienekin iritsi ahal izateko nahi den informazio hura eskuratzera».
Edukien aniztasuna
Edukien artean, hileroko egitarauaz gain, zentroan eskaintzen diren zerbitzu guztien inguruko berriak aurki daitezke. «Bakoitzari bere atal propioa eskaintzen zaio eta dagokion informazioa modu nahiko zabalean eta eguneratuan ematen da», diote Udal ordezkariek.
Kultura eta kirol eskaintzaren inguruko nobedadeez gain, bertan ematen diren zerbitzuen inguruko informazioa ere agertzen da. Alegia, Gazte Informazio Bulegoari, KzGuneari, Helduen Hezkuntza Iraunkorrari edota Artxamendi Gazte Topalekuari eta Abarketatxo Ludotekari dagokiena.
Informazioa argazkiz hornitua dago gainera, Elkargunea ezagutzen ez dutenek, atariaren bidez, instalazioei ematen zaien erabilpena ikus dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide