Igandean jokatuko da Azkoitiko Triatloi Taldeak antolatutako Azkoitiko XII. Duatloia. Lasterketa honekin bukatuko da Gipuzkoako duatloien aurtengo denboraldia eta, honenbestez, triatloi denboraldiari ekingo diote.
Urtero moduan, parte-hartzaileek 48 kilometro bete beharko dituzte, guztira. Oinezko zatiak herrian zehar egingo dituzte: lehena, 8 kilometrokoa, zirkutituari bi itzuli emanda egingo dute; bigarrena bizikleta saioaren ondoren, 4 kilometro osatuz. Bizikleta saioa, berriz, Azkoitia eta Zumarraga artean egingo dute, 36 kilometroko ibilbidea egin arte.
Goizeko 11:00etan hasiko da proba. Irteera eta helmuga Plaza Berrin jarriko dituzte eta boxeak, Balda Plazan. Proba hasi baino ordubete lehenago zabalduko dituzte boxeak eta lasterketa hasi baino ordu laurden lehenago arte egongo dira zabalik.
Izena aurrez ematen dutenek 20 euro ordaindu beharko dute. Internet bidez izena emateko epea gaur itxiko dute (www.triatloi.org), eta egunean bertan izena ematean, 30 euro ordaindu beharko dute lasterkariek ( 2 euro gehiago txipa behar badute).