VII. Mendi Maratoi Erdirako izena emateko epea zabalik da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko api. 6a, 11:18

Mendi Maratoi Erdia, Anaitasuna Mendi Bazkuna, iraupen luzeko lasterketa, Izarraitz

Maiatzaren 8an, igandez, egingo dute Azkoitiko VII. Mendi Maratoi Erdia. Mendi lasterketa Azpeitiko Lagun Onak mendizale elkarteak eta Azkoitiko Anaitasunak txandaka antolatzen dute eta aurten Azkoitiko elkarteari egokitu zaio antolaketaren ardura.
Izena emateko epea zabalik da ostiraletik eta maiatzaren 2a bitartean. Federatuek 15 euro eta gainontzekoek 20 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko. Egunean bertan izena ematea apur bat garestiago izango da, 25 euro. Lasterketan parte hartu ahal izateko 18 urtetik gora edukitzea derrigorrezkoa da.
Lasterketa eguna
Mendi maratoi erdiak 21,97 kilometroko luzera izango du eta guztira, 2.880 metroko desnibela gainditu beharko dute mendizaleek. Erloko gaina izango da lasterketaren punturik garaiena (1.026 m.).
Azkoitiko Balda Plazan 10:00etan abiatuta, parte-hartzaileek honako ibilbidea egingo dute: Kakuta (924 m.), Aittola (645 m.), Erlo (1.026 m.), Xoxote (905 m.), Zamaleku (810 m.), Azkoitia (113 m.).
Urtero moduan, edariak eskuratzeko bost gune eta janarientzako hiru postu jarriko ditu Anaitasunak. Mendi lasterketa bukatu ondoren Elkarguneko dutxak erabiltzeko aukera izango dute mendizaleek.
Lasterketa egunean banatuko dituzte dortsalak, 08:00etatik 09:30era Balda Plazan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, parte-hartzaile guztiei elastiko bana emango zaie.
Sariak eta opariak
Sailkatutako lehen hiru emakumezkoek eta gizonezkoek jasoko dituzte sariak. Txapeldunek, 300 euro eta garaikurra eskuratuko dituzte. Bigarren sailkatzen direnentzat 200 euro eta garaikur bana izango dira, eta hirugarren helmugaratzen direnei 100 euro eta garikurra emango dizkiete.
Gainera, lehen azkoitiar emakumezkoak eta gizonezkoak garaikurrak irabaziko dituzte. Babesleek egindako ekarpenei esker, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Probako errekorrak Fernando Etxegarairen (1:54:44) eta Nerea Amilibiaren (2:26:23) esku daude. Iazko garaileak, berriz, Walhter Becerra eta Aitziber Ibarbia izan ziren.
2005ean egin zuten Azkoitiko Mendi Maratoi Erdia estreinakoz, eta ordutik gero eta parte-hartzaile eta  ikusle gehiago biltzen ditu Izarraitz inguruan egiten den iraupen luzeko proba ikusgarriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide