Atzo (osteguna) egin zuten Aste Santuko haurren danborradarako lehen entsegua, Gurea pilotalekuan. Apirilaren 24an, Pazku Egunean, ospatuko da danborrada, urtero lez. Ordura arte astelehenero, asteazkenero eta ostegunero egingo dituzte entseguak, 20:00etan hasita.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ia talde guztiak beteta daude baina oraindik bada lekurik haur gehiagok parte hartzeko. Danborra jotzeko 10 eta 12 urte bitarteko mutilen faltan daudela ere esan dute.
Umore Ona elkarteak antolatu izan du danborrada bere sorreratik. Aurten Umore Onak ateak itxi ditu eta beste talde batek hartu du elkartea. Hori dela-eta, 2011ko danborrada Umore Onako batzorde zaharreko kideek eta kide berriek antolatuko dute elkarrekin. Batzorde zaharrarentzat azkenengo danborrada izango da, eta gaur egungoarentzat bide berri bat jorratzeko lehen urratsa.