Bernardo Ecenarro enpresa Egino-Berrira ekartzeko lanak maiatzean hasiko dira

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko mar. 31a, 10:24

Bernardo Ecenarro, Egino-Berri, lantokia

Maiatzean hasiko dira Elgoibarko Bernardo Ecenarro enpresa Egino-Berri industrigunera lekuz aldatu ahal izateko lanak. Azkoitiko Udalak jakitera eman duenez, lur mugimenduekin hasiko dira lanak. Eusko Jaurlaritzak iadanik eman du lanak egiteko beharrezkoa den Ingurumen Sailaren baimena. Izan ere, Oñeder altzairutegietako hautsen zabortegia lursail horretan kokatuta egon zen eta bertan utzitako lixibatuen tratamendua egin beharra dago enpresa berria bertan kokatu aurretik.
Oñeder zabortegia kudeatzen zuen Hierros Eginori zegokion garbiketa lan hau burutzea, baina enpresak ez du bere eginbeharrekoa bete eta  honenbestez, Azkoitiko Udala eta Eusko Jaurlaritza egingo dira lurren egokitzearen kargu. Ingurunea egokitzeko lanak dagoeneko esleitu dituzte Azkoitia Lantzenen bidez, 496.000 eurogatik.
Herriko lantokirik handiena
Bernardo Ecenarrok handitzeko asmoa du eta hori dela eta Egino-Berri  industriguneko 27. sektoreko 1. partzelara lekuz aldatuko da. Lantoki berriak 73.495,48 metro koadroko azalera izango du. Enpresa berria eraikitzeko lanek 55 milioi euroko aurrekontua izango dutela jakinarazi du Azkoitiko Udalak. Aurreikuspenak betetzen badira,  Elgoibarko enpresak 2013. urtean ekingo lioke bere jarduera osoa Azkoitian egiteari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide