Gaur goizean bilera eta bozketa egin ondoren, Azkoitiko Gerdau-Sidenor lantegiko langileen gehiengoak lan hitzarmenaren aldeko mobilizazioekin jarraitzeko erabakia hartu du. Mobilizazioak bihar (asteazkena) hasi eta hilabeteko iraupena izango dute, errelebo bakoitzean 4 orduko geldialdiak eginez: goizetan,08:00etatik 12:00etara, arratsaldetan 16:00etatik 20:00etara, eta gauerditik 04:00etara egingo dituzte lanuzteak, astegunetan zein asteburu eta jai egunetan, Aste Santua barne.
Bi astean bi eta lau orduko geldialdiak egin ondoren, pasa den asteko hiru egunetan greba egin zuten Gerdauko langileek. Aldarrikapenak kalera atera eta manifestazio jendetsua ere egin zuten Azkoitian. Besteak beste, Gerdauko lan batzordeak soldatak %3an igotzea nahi du. Lan hitzarmena urtebetekoa izatea planteatzen dute, 2011-2012 epealdian indarrean egongo litzatekena, hain zuzen. Eta lanaldia 16 ordu murriztu nahi dute, urtean 1.600 ordukoa izateko.