Ertzaintzak 20 eta 36 urte bitarteko sei pertsona atxilotu zituen herenegun gauean, ustez enpresa batean metalezko piezak lapurtzeagatik. Barne Sailak jakinarazi duenez, Ipintza auzoko lantegi bateko zaintzaileak Ertzaintzari jakinarazi zion hainbat pertsona materiala lapurtzen ari zirela. Iturri horien arabera, ertzainek gertakariaren lekura joan zirenerako susmagarriak ez zeuden jada inguruetan.
08:00ak inguruan, ordea, Ertzaintzak “ibilgailu bat inguruan zebilela” ikusi zuten, Barne Sailak esan duenez. Ertzainek ibilgailua “geldiarazi” zuenean lapurtutako materiala atzeman zuten, eta bertan zihoazen bi lagun atxilotu zituzten. Bestalde, geroago beste ibilgailu “susmagarri” bat aurkitu zuten, eta orduan beste lau lagun atxilotu zituzten. Barne Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza kasu horrek beste antzeko lapurretekin harremanik izan dezakeen aztertzen ari da.