XVIII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak zirkuitu azkarragoa izango du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko mar. 15a, 15:11

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, Diego Garcia, lasterketa, zirkuitua

Zirkuituan hainbat aldaketa eginda dator aurtengo Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia.  Korrikalari profesionalen, zaletuen eta herrikoien neurrira egindako ibilbidea prestatu dute antolatzaileek. Martxoaren 26an egingo da gero eta ospe handiagoa duen proba. Urtero  moduan, Diego Garcia atleta azkoitiarraren oroimenez egingo da maratoi erdia.  “Badira 10 urte, proba honetako izarra itzaldu zela, baina bere sena indar handiz senti daiteke martxoko azken larunbatero, jende askoren ekarpenari esker”, adierazi dute antolatzaileek. Urteroko usadioari jarraituz, 1 zenbakidun dortsala Diego Garciaren familiari emango diote eta haren oroimenez minutu bateko isilunea gordeko da irteeran, 16:15ean.

Aurten, Diego Garciaren lagunak omenduko dituzte: Abel Anton eta Martin Fiz. Kirolari eta pertsona bezala duten maila aitortzeaz gain, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren alde egin duten ahalegina eskertu nahi diete:” Ia dena irabazi duten korrikalari bikain hauek ahalegina egin zuten beraien izena gure probaren palmaresean ezartzeko”.

Erakunde pribatu zein publikoei esker, aurtengo probak aurreko urteko aurrekontua eta eskaintzen dituen zerbitzuei eustea lortu du. “Hamazortzi urte igaro dira hasi ginenetik, baina urtez urte hobetzeko asmoa dugu eta Estatuko lasterketen artean onenetakoa garela esan dezakegu”, adierazi du Agustin Jimenez antolatzaileak.

Nola eman izena

Epea zabaldu zenetik 700 lasterkari inguruk eman dute izena 21 kilometroko proban parte hartzeko. Dendetan izena emanez gero, martxoaren 22ra arteko epea egongo da. Internet bidez egin nahi duenak, martxoaren 24ko gaua arte du horretarako aukera. Aurten, eta nobedade gisa, lasterkariek euren txiparekin parte hartu dezakete. Ondorioz,kuota desberdinak daude: Dendetan, 19 euro (txipa edukita) eta 22 euro (txiparik gabe); eta interneten, 17 euro (txipa edukita) eta 20 euro (txiparik gabe). Lasterketaren aurreko astean izena ematen dutenek, 5 euro gehiago ordaindu beharko dituzte, kasu guztietan.

Lasterkariek Azpeitia-Azkoitia ibilbidea egingo duten autobusak erabiltzeko aukera izango dute, 15:00etatik 15:45era. Aurten ere, Azpeitiko Sanjuandegiko Txiki-Txoko ludotekak haurtzaindegi zerbitzua emango du, 3 eta 8 urte arteko umeentzat. Bestalde, kirolariek igerilekuko aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide