17. Korrika apirilaren 13an igaroko da eskualdetik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko mar. 11a, 12:37

17. Korrika, euskara, herri batzordeak, Korrika Kulturala, ibilbidea, ekimenak, ekarpenak

2011ko apirilaren 7an Trebiñun hasiko da 17. Korrika, euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du apirilaren 17an Donostiara heldu arte.“Maitatu, ikasi, ari… euskalakari” lelopean, bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu Korrika 17k, gau eta egun gelditu gabe. Apirilaren 13an (asteazkena) igaroko da Urola bailaratik, Matxinbentatik sartu eta Azkarate gainean lekukoa utzita.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Korrika batzordeetako kideek atzo egindako agerraldian aurreartu zutenez, Korrikak honako ibilbidea egingo du Urola Erdian: Matxinbenta (15:00) – Nuarbe (15:25) – Urrestilla (15:52) – Azpeitia/Landeta (16:10) – Zestoa (17:00) – Azpeitia/Etxezuri (18:03) – Azkoitia (18:30) – Azkarate gaina (19:10). Egun horretan eta Korrikari ongietorria eman eta giroa berotzeko, Korrika Txikia eta jaialdiak egingo dituzte Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako herriko enparantzetan.

Bestalde,  Korrika Kulturalaren baitan hainbat ekimen antolatu dute herrietako batzordeek. Azkoitian, martxoaren 19an Korrika jaialdia izango da  Matadeixen, afaria eta kontzertuekin. Apirilaren 1ean, Gipuzkoako Korrika Mus Txapelketa jokatuko da Plaza Ondo Erretiratuen Elkartean. Apirilaren 2an, Bertso-txotxa izango da Kontzejupen. Eta apirilaren 9an, Kasik eta Zesatek! taldeen kontzertua izango da plazan eta euskal musikaren jaia egingo dute ondoren. Gainera, herriko artistek emandako lanekin erakusketa izango da Torre Zurin apirilaren 2an eta 3an, eta 9an eta 10ean. martxoaren 28an eta 29an (19:000etatik 20:00etara) Torre Zurin bertan egongo da artelanak entregatzeko aukera.

Azpeitiari dagokionez, martxoaren 18an Gipuzkoako Korrika Mus Txapelketa egingo dute gaztetxean. Hilaren 29an eta 31n Korrika eta Kilometroak ekimenen inguruko hitzaldiak izango da Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Apirilaren 1erako, kontzertuak antolatu dituzte gaztetxean. Azkenik, apirilaren 8an, Korrikak aurten omenduko duen Euskaltzaindiari buruzko dokumental emanaldia izango da Sanagustinen.

Zestoan martxoaren 18an hasiko da Korrika Kulturala, “Eta horrela mintzatu zen Zapatustra” Kultur Etxean egingo den antzerki emanaldiarekin. Martxoaren 19an,  bertso saioa izango da gaztetxean. Egun horretan hasi eta apirilaren 2ra arte, Korrika arropak salduko dituzte herrian. Azkenik, Korrika luntxa egingo da plazako arkupetan, apirilaren 8an.

Urtero lez, Korrikaren alde dirua biltzeko kilometroak jarriko dituzte salgai. Eskualdean 39 kilometro saldu nahi dituzte herrietako eragileen artean, diru ekarpenak egin ahal izateko. Aurtengo Korrikan bildutako dirua Nafarroan eta Iparraldean AEK-k dituen gau-eskola eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko dira, “diru laguntza politika desegokiaren ondorioz haien egoera larria baita”, jakinarazi dute Urolako batzordekideek.

“Matxinbentatik Azkarate gainerako ibilbidean, eta antolatuko diren ekimen guztietan parte hartzera deitu nahi ditugu Urolako biztanle oro”, adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide