Udalak jakitera eman duenez,datorren martxoaren 14an hasiko dira Jausoro auzoan 34 aparkaleku berri sortzeko lanak. Autoak uzteko tokia falta dela-eta Udalak eta auzoko bizilagunek elkarrekin erabaki dute aparkalekuak egiteko lekua sortzea. 34 aparkaleku egingo dituzte, 13 gune batean eta 21 gehiago, beste batean. Aparkaleku hauek lorategiari ez dietela tokirik kenduko aurreratu dute. Iturria lekuz aldatuko dute haurren parkearen ondora eramanez. Honako hau ez da auzoan egin den lan bakarra. “Agintaldi honetan etengabeko hobekuntzak eman dira auzoan, bizilagunen batzordearekin elkarlanean”, adierazi dute Udal arduradunek. Besteak beste, garajeetan ur iragazketak baztertzeko neurriak hartu dituzte, baranda jarri, lorategiak eta gune berdeak txukundu , hainbat gune margotu eta haurren parkea berritu dituzte.