Iraurgi Abesbatzak bere ibilbidean zehar partaide izan diren abeslariak elkartu eta festa egun bat elkarrekin igarotzera gonbidatu ditu. Datorren martxoaren 12an elkartuko dira bazkari baten bueltan iraganera begiratu eta orainaz gozatu asmoz. “Asko izan dira Iraurgi Abesbatzaren ibilibide oparoan parte hartu dutenak; urte eta garai desberdinetan, gehiago edo gutxiago, elkarrekin egin dute abesbatzaren historia. Tartean egun alaiak eta pozgarriak izan dituzte, baita neketsuak ere alditan, baina beti adiskidetasun giroa nagusitu da berauen harremanetan”, jakinarazi dute abesbatzako arduradunek.
Martxoaren 12an, larunbatean, 12:30ean jarri dute hitzordua Baztartxo antzokian duten entsegu-lokalean (1. solairuan). Bertan, argazki zaharrak ikusi eta errepertorio “koxkor” bati errepasoa egingo diote. Bazkaltzera joan aurretik, taldeko argazkia aterako dute eliz atarian, 14:15ak aldera. Ondoren, Joseba jatetxera abiatuko dira bazkariaz gozatzera. Abestiz betetako mahai-ingurua izango da larunbatekoa.