Gai anitzen inguruan osatu dituzte Floreagako XXII. Euskal Kultur Jardunaldiak. Poesia, musika, kirola eta izpiritualtasuna izango dira aurtengo egitarauko ardatzak, eta saio guztiak euskaraz egingo dituzte.
Aurreko urteetan bezalaxe, Floreaga Salestar Ikastetxeko gurasoen elkarteak antolatu du kultur ekimena, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Martxoaren 10ean hasi eta hilaren 23ra bitartean, astero ekimen batez gozatzeko aukera izango da ikastetxeko On Bosco Aretoan, 20:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da.
Meabe, Olano eta Andonegi
Miren Agur Meaberen errezitaldi poetikoarekin abiatuko dira 2011eko jardunaldiak. Bitsa eskuetan (Susa, 2010) poema bildumaren irakurraldia eskainiko du idazle bizkaitarrak, Ibone Ibazeta saxofoi-jotzaileak lagunduta.
Astebete geroago, kirola izango da hizpide On Bosco aretoan. Abraham Olano txirrindulariari elkarrizketa egingo dio Koldo Aldalur kazetari azpeitiarrak. Besteak beste, bere ibilbide profesionala eta gaur egungo txirrindularitzaren analisia egingo dute solaskideek. 2011ko Espainiako Itzuliaren antolaketari buruzko kontuak ere aztertuko dituzte bertan.
Erlijioa eta izpiritualtasunaren ingurukoa izango da azken saioa, Lasarteko erretore Xabier Andonegiren eskutik.
Egitaraua
martxoak 10, osteguna
20:00. Bitsa eskuetan errezitaldi poetikoa. Miren Agur Meabe idazlearen eta Ibone Ibazeta saxofoi-jotzailearen eskutik.
martxoak 17, osteguna
20:00. Abraham Olanorekin solasaldia. ETBko kazetari Koldo Aldalur ariko da moderatzaile lanetan.
martxoak 23, asteazkena
20:00. Donostiako Pio XII. Erlijio Zientzietako Goi Ikastegiko zuzendari eta irakasle Xabier Andonegi apaizaren hitzaldia: Izpiritu-adimenaren gaurkotasuna.