Asteburuan Azkoitiko Baztarrikalde auzoko festak ospatuko dituzte, eta ohi bezala, herri kirolak eta trikiti doinuak izango dira nagusi. Antolatzaileek, orokorrean, iazko egitarauare antzekoa eskainiko dute aurten, baina berrikuntza batekin emango diete hasiera festei. Gaur, lehehengo aldiz, mus txapelketa izango da, Orion elkartean.
Saioa 22:30ean hasiko da, eta ordu erdi lehenago hasiko da izena emateko epea. Bikoteek 20 euro ordaindu beharko dute jokatzeko. Irabazleek 300 euro, txapela eta bi patxaran botila jasoko dituzte, bigarren postuan sailkatuek 200 euro eta bi patxaran botila, eta hirugarrenek, berriz, 100 euro eta bi patxaran botila; azkenik, laugarrenek Isidro erretegian bi lagunentzako afaria eta bi patxaran botila jasoko dituzte.
Zaldi probak, bigarren aldiz
Hurrengo egunean hasiko da festetako ekitaldi nagusia. Joxe Astarbe Saria zaldi proba egingo dute Baztarrikalde auzoan, bigarren aldiz, hain zuzen. Iaz izan zuten «arrakasta» ikusita antolatu dute aurten ere norgehiagoka hori. Herritar askok hartuko du parte bigarren aldi honetan. Izan ere, txapelketan sei parte-hartzaile izango dira, eta horietatik erdiak azkoitiarrak dira: Aizterri baserrikoek, Errekalde elkartekoek eta Isidro Erretegikoek eman dute izena, hain zuzen ere.
Probak eta jolasak
Igandean, berriz, pilota partidak, asto lasterketak eta herri kirolak izango dira goizean. Herri kiroletan auzotarrek hartuko dute parte. Hori hala, aizkoran harri-jasotzaileen aurka arituko dira: Joxe Mari Errekalde, Bernar Uitte eta Jon Unanue Goenatxo III.-aren aurka arituko dira. Ondoren,
Joseba Zubeldia eta Julen Alberdi Txikia IV Juan Jose Unanue Goenatxo II.aren aurka arituko dira.
Arratsaldean, haurrek ez dute aspertzeko modurik izango, Oteiza pilotalekuetan haientzat jolasak prestatuko baitituzte. Eta zaldi probarekin amaituko dute eguna, 17:30ean hasita. Irabazleak manta, txapelak eta 300 euro eramango ditu. Bigarren geratzen denak, berriz, 295 euro irabaziko ditu, eta hirrugarren postuan eta ondorengoetan sailkatzen direnek 290 euroko saria jasoko dute. Egun guztian trikitilariak izango dira kaleetan, auzoa girotzen.
Egitaraua
gaur, ostirala
22:30. Mus txapelketa, Orion elkartean.
bihar, larunbata
22:00. II. Joxe Astarbe
Saria, zaldi lasterketa. Parte-hartzaileak: Azkonobieta (Urnieta), Aizterri (Azkoitia) eta Errekalde elkartea (Azkoitia). Trikitilariek girotuko dute saioa.
otsailak 27, igandea
10:00. Kadete eta Seniorrek pilota partidak, Oteiza pilotalekuetan.
12:00. Herri kirolak, aizkoran eta harrijasotzen. Errekalde, Uitte eta Goenatxo III.a, eta Zubeldia, Txikia IV eta Goenatxo II.a arituko dira.
Ondoren. Asto lasterketa.
16:00. Haurrentzako jolasak.
17:30. II. Zaldi proba, Joxe Astarbe Saria; Santa Klara baserria (Zumaia), Belaustegi (Berriatu) eta Isidro erretegia (Azkoitia).
Egun guztian. Trikitilariak.