Pasa den asteburuan Herrixen Azkoititko Merkatarien Elkarteak bigarren aldiz antolatuta, Outlet azoka egin zuten Elkargunean herriko hamasei merkatarik.
Elkarteak adierazi duenez, azokak “arrakasta handia” izan du, eta iaz baino “harrera hobeagoa” izan du. Hori hala, merkatariak “oso gustura” daude azokak izandako erantzunarekin.
Halaber, elkartearen esanetan, larunbatean gerturatu zen herritar gehien, baina igandean ere “jende ugari” ibili zen. Izan duen erantzuna ikusita, elkarteak datorren urtean berriro egingo duela aurreratu du, eta eskerrak eman nahi izan diete asteburuan azokara bertaratu zirenei.