Oteiza pilota elkarteak antolatu duen Atano III. omenezko pilota txapelketari eman diote hasiera. «Inoiz baino parte hartzaile» gehiago ditu aurtengo edizioak, eta horregatik antolatzaileek txapelketa aurreratzea erabaki dute, finalak Aste Santuetan jokatzeko asmoz.
Zazpi urtetik hamalau urtera bitarteko 75 haurrek jokatuko dituzte partidak. Neskei dagokienez ere, «beste urteetan» baino gehiagok eman dute izena. Aurten, esaterako, zazpi eta zortzi urteko zortzi neska leihatuko dira.
Astearte eta ostegun arratsaldetan jokatuko dituzte eskuz banakako partidak, Gurea udal pilotalekuan, 17:15eatik aurrera. Halaber, «parte hartze handia dela-eta», aurten larunbat goizetan ere izango dira umeen norgehiagokak, 10:00etatik aurrera.
Bihar arratsaldean hamar partida izango dira; 11 urtekoek bi partida jokatuko dituzte, 12 urtekoek hiru, 13 urtekoek bat eta 14 urtekoek, berriz, lau partida jokatuko dituzte.