Azkoitiko ezker abertzaleak datozen udal hauteskundeetara begira diagnostikoa osatu du, “herritarren eta eragileen laguntzarekin”. Behin diagnostikoa eginda, Ezker Abertzaleak osatu nahi duen herri proiektuari begira, datozen egunetan arlo jakin batzuetan jardunaldiak egingo dituzte, kultur etxean.
Otsailaren 17an, 19:00etan, hezkuntza, kirola, kultura eta euskararen inguruan arituko dira; hilaren 19an, berriz, herriko sozioekonomia jorratzeko bilduko dira, 11:30ean. Hilaren 24ean, nekazaritza izango dute hizpide, 21:00etan. Hilaren 25ean, berriz, gizarte ongizatea, etorkinak eta hirugarren adinaren inguruan arituko dira, 19:00etan. Azkenik, hilaren 26an, hirigintzaz aritzeko bilduko dira, 10:00etan.
Azkoitiko ezker abertzaleak eskerra eman nahi izan die “diagnostikoak osatzen lanean aritu diren herritar eta eragileei”, baita “diagnostikoak osatzeko herri inkestan parte hartu duten guztiei ere”. Herritarrek izan duten “parte-hartzea positiboki” ikusten dute. Horrez gain, ezker abertzaleak adierazi du datorren astelehenetik aurrera diagnostikoen laburpenak eskuragarri egongo direla webgunean. Halaber, webgunearen bidez beraiekin “harremanetan jartzeko aukera” ere badagoela jakinarazi dute.