2011ko ordenantza fiskalen bidez onartuta zeuden hilerriko tasak aldatu dituzte, joan zen astean Udal Batzordeak egin zuen osoko bilkuran hala onartu eta gero. Azkoitian erroldatuta dauden hildakoen gorpuzkiak erraustearen inguruko tasak finkatu zituzten bertan, eta hori hala, 78,75 euroko kostua izango du orain.
Iaz, ordenantza fiskalak onartu zituztenean, herrian erroldatuta zeuden hildakoak errausteko tasa likidatzen hasi zen Udala. Hori hala, tasaren zenbatekoa 90 eurokoa zen. Orain, berriz, Udalak adierazi du gorpua eta hezur-hondakinak errausteak duten «kostu ekonomikoaren azterketa» egin duela. Hori hala, hezur-hondakinak errausteak duen kostua gorpua errausteak duen kostua baino %87,51 gutxiago duela ondorioztatu dute. Horren arabera, beraz, gorpuzkiak errausteko tasak, kutxak barne, 78,75 euro izatea finkatu dute.
Udalak jakinarazi duenez, zenbateko hori zehazteko orduan kontuan hartu dituzte «ibilgetuaren amortizazioa, zuzeneko eta zeharkako kostuak, eta zerbitzuaren mantenua bermatzen dituen kostuak». Egun, Azkoitian familia unitate bakoitzak urtean 15,80 euro ordaintzen du hilerriaren tasa. Horrez gain, Azkoitian erroldatuta ez daudenentzat hildako bakoitza lurperatzeak 305, 10 euroko tasa du, eta hildakoak errausteak, berriz, 465,67 euro. Halaber, erroldatuta ez daudenentzat gorpuzkiak errausteak 407,45 euroko kostua du.