Jon & Sugramas eta The Riff Truckers taldeek rock&blues emanaldia eskainiko dute etzi, Azkoitiako plazan, gaueko 23:00etik aurrera.
Arima Beltza taldeko abeslari eta Uek taldeko bateriajole izandako Jon Gurrutxagaren proiekturik berriena dugu Jon & Sugramas. Egitasmoari forma emateko aspaldiko lagunekin batu da Elgoibarko musikaria. Sugearekin lotutako landarean oinarriturik Sugramas izenaz bataiatutako bandan Legen Beltzako Ekaitz Garmendia eta Ivan Hernández azpeitiarrak daude gitarra eta baterian, eta Andrakan taldean ere diharduen Andoni Mujika elgoibartarra, berriz, baxuan. Azken hilabeteotan Mikel Urretagoiena ordiziarrak ordezkatu du Hernández baterian. Gurrutxagak baketak albo batera utzi ditu egitasmo honetan eta ahotsean zentratu da.
Jon & Sugramas proiektuan ingelesez eta euskaraz abestutako rocka izango da nagusi. Bluesaren eragina ere nabari da, baina batez ere 70eko hamarkadako rock taldeen eragin zuzena du. Hamaika abestiz osatutako lana iazko Aste Santuan grabatu zuten Bilboko Koba estudioetan, Xanpe teknikari izan dutelarik.