Bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 50 etxebizitzetan suteen prebentziorako ke detektagailuak jarri ditu Azkoitiko Udalak, «edozein istripu» saihesteko asmoz. 2008an jarri zuen martxan Udalak suteen prebentziorako plana, baina aurten 85 urtetatik 80 urtera jaitsi dute adin muga Gizarte Zerbitzuetako arduradunek, eta beste 50 etxebizitzetan ezarri dituzte neurriak.
Egitasmoaren helburua «berogailuetan, aireztatze sareetan edota etengailuetan arriskuak atzematea» da, beraz, arduradunek adierazi dute 61 etxebizitza baino gehiago ikuskatu dituztela aurten eta 2010. urtean zehar, eta horietatik 50etan jarri dituztela detektagailuak. Hori hala, etxebizitza horietan guztira 72 detektagailu jarri dituzte, zenbait etxebizitzetan bi gailu ezarri baitituzte, etxe handietan edo baserrietan, kasu.
Detektagailuez gain, aztertu dituzten etxebizitza guztietan krokis bat banatu zaie, suteren bat egonez gero etxetik errazago eta azkarra irten daitezen pertsona horiek. Gainera, zerbitzua jasotzen dutenei oinarrizko segurtasun neurrien inguruko informazioa eskaini diete, eta horren inguruko gida bat ere banatu diete.