Matadeixen musika izango dute ardatz bihartik aurrera, Azkoitiko Zinetrogram zine forum taldeak musika zikloa antolatu baitu otsailaren 9ra bitartean.
Lau saio izango dira guztira, eta antolatzaileek «film anitzak» prestatu dituzte. Emanaldiak asteazkenetan eta igandetan izango dira, guztiak ere 21:00etatik aurrera.
Azken hamarkadetatik hasi eta gaur egungo filmetara hurbilduko dira ziklo honen bidez, musikagile, zuzendari eta film «ezezagunak nahiz ezagunak» uztartuz. Bruce Weber zinemagilearen Chet Baker – Let’s get lost dokumentalarekin emango diote hasiera zikloari, bihar, eta datorren igandean jarraituko du saioak; Julian Schnabel zuzendariaren Lou Reed Berlin filmarekin.
Otsailaren 2an, berriz, El silencio antes de Bach dokumental esperimentala izango da ikusgai, eta azkenik, otsailaren 9an, bi lan eskainiko dituzte; La Goumbé des jeunes noceurs film laburra eta Youngat heart filma.