Arratsaldeko laurak dira. Txerloia futbol zelaian, arbitroak jo du txistua. Hasi dira mutilak jokoan. Markagailu azpian bi bandera gorri ikusi daitezke. Berrogei lagun inguruko kuadrila batek –—guztiak mutilak— zarata ateratzeari ekin dio, «Aupa Anai!» etengabeko oihuen bidez. Giroa berotzen ari da eta ikuskizuna, zelaian baino, harmailetan da nagusi.
Peña Hooligans Anaikoak dira lagun horietako asko, Anaitasuna Azkoitiko futbol taldeko zale sutsuak. Bufanda eta kamiseta gorriak soinean, «talde maitearen atzetik», hara eta hona ibiltzen dira, jokalariei «merezi duten» animoa emateko. «Duela bi urte sortu genuen Peña Hooligans Anai. Anaitasuna mailaz jaitsi zen egunean eratu zuten taldea. Astigarragan galdu genuen partida. Lur jota geundela erabaki genuen taldea sortzea, Anaitasunari laguntza eta babesa emateko», dio Borja Paredes taldeko kideak.
Anaitasuna mailaz jaitsi zenean, taldeak «babes gutxi» zuela gaineratu du taldekideak: «Ia inor ez zen joaten partidak ikustera. Marrazainik ere ez zuten izan denboraldi horretan. Oso panorama tristea zegoen. Horri aurre egiteko asmoz sortu genuen taldea». Hogeita hamabost kide inguru ditu Peña Hooligansek. Hala ere, astez aste partidak ikusteko hamabi lagun inguru elkartzen direla adierazi dute kideek; «inguruko ezagun asko hurbiltzen dira gugana partidan zehar, taldeari animoak emateko».
Babesa emateaz gain, «izerdia besteentzat utzi», eta beste edozeren gainetik, «ondo pasatzera» joaten da taldea. Horixe da haien filosofia: «Ahal dugun heinean taldea animatzen dugu. Baina horrez gain, momentu onak pasatzera joaten gara norgehiagoketatara». Eta horretarako ez dute imajinazio faltarik. Dunbal hotsen laguntzarekin, ohiko animo eta oihuez gain, hamaika abesti dituzte errepertorioan: «Hator hator mutil Txerloira, esaterako». Beti ere, «errimak bertsolarientzat» utzita, ordea. «Abesti batzuk Peña Mujikak asmatutakoak dira. Guk hartu eta moldatu egin ditugu. Beste batzuk, ordea, guk asmatzen ditugu, bat-batean, partida ikusten ari garela», dio Ander Azpitartek.
Indarra ahoan, nekea zelaian
Arbitroak txirrina jotzen du berriro. Lehenengo denbora amaitu da. Zaleak alboko tabernara doaz, eta zerbeza bana eskuan dutela irteten dira. Partida galtzen doa Anaitasuna, baina umore onik ez da falta zaleen artean, ezta irribarrerik ere ahoan: «Berdin du irabazten edo galtzen dugun», oihukatzen dio batak besteari. Bigarren aldian ere, tentsioa da nagusi mutilen artean. Edozein momentu dute egokia jokalariei animoak emateko. «Orain dek momentu ona, arbitroak eguzkia aurka dik-eta», entzun daiteke zarata artean.
Jokalariek zelaian izerdia uzten duten bitartean, zaleek eztarria uzten dute harmailetan. Eta, azkenean, horrenbeste eskatutako gola iristen denean, tentsio guztiak lehertzen dituzte, petardo eta ohiuen bidez.
«Jokalari bat gehiago»
Anaitasuna Futbol Taldeko zuzendaritzak Peña Anai Hooligansen zaletasuna eskertzen du, jokalariei ematen dien «berotasunagatik». «Harreman ona dugu zale talde horrekin. Jokalariek joan den urtean behar izan zuten laguntza, batez ere, eta talde honek izugarrizko laguntasuna eman zigun. Zuzendaritzarentzat jokalari bat gehiago da talde hori, beti gure alboan baitago», dio Javier Zubizarreta Anaitasuna Futbol Taldeko lehendakariak.
Iaz mailaz igo zen Anaitasuna, eta orain Erregional Ohorezko mailako bigarren postuan dago. Egoera «oso ona» dela uste dute gazteek, «guztiek izugarrizko meritua dute». Hala ere, taldean zenbaiterainoko eragina duten ez dute horren argi ikusten: «Partidan ez dugu askorik eragiten, baina jokalariei gustatu egiten zaie animatzera joatea. Eskertu egiten digute. Izan ere, etxetik kanpo jokatzen dutenean, hamabi lagun inguru harmailetan gu bezala animoak ematen ari direla ikustea haientzat pozgarria izaten da». Hori hala, «nahi duena taldearekin batera animatzera joatera gonbidatzen dugu; ondo pasatzera eta taldeari babesa ematera».