Azkoitiko Xabier Munibe Haurreskolak proiektu berria jarri du abian; datorren hiletik aurrera gurasoek eta zero eta hiru urte bitarteko seme-alabek Haur-masaje ikastaroan hartu dezakete parte. Astean bi aldiz elkartuko dira parte-hartzaileak haurreskolan bertan, otsailaren 21etik martxoaren 27ra bitartean.
Arduradunek adierazi dute haur masajeak familia kideen artean harremanak pizten dituela; “egun, presaz beteriko gizarte batean bizi gara. Horregatik, masajeak haurrei denbora bat eskaintzeko aukera eman diezaguke; bertan maitasuna, entzutea, onartua izatea, gertutasuna eta beraien autoestimua indartzeko oinarriak sendotzeko edo errespetatzeko aukera izan dezakegu”. Hori hala, haurra ukitzeak eta laztantzea “jatea bezain beharrezkoa dela diote; “Beraren lasaitze efektuengatik eta komunikazio afektiboek jokatzen duen rolagatik du horrenbesteko garrantzia”.
Bertan parte hartzeko otsailaren 7a baino lehen eman behar da izena, haurreskolak Auzmendi kalean duen egoitzara joanda edota 943 08 07 37 telefonora deituta. 85 euroko prezioa du ikastaroak. Antolatzaileek adierazi dute lehentasuna haurreskolako haurrek izango dutela, eta ikastaroa aurrera eramateko gutxieneko haur kopurua osatu behar dela.
Bestalde, Xabier Munibe Haurreskolak matrikulazio epea zabaldu du, 2009. urtean jaiotako haurrentzat zuzenduta. Matrikulatzen direnak martxoan hasiko dira haurreskolan. Urtarrilaren 28ra bitartean eman daiteke izena haurreskolan, 08:30eatik 10:00etara bitartean eta 15:00etatik 17:00etara bitartean.